20050307

Murua, Soraluze eta Zaldua finalera

Pasa den asteburuan jarri da abian bertso eskolak antolatu duen aurtengo "Martxoan bertsoa" ekimena, urtero bezala ikusmin handia piztu duen zikloa, hain zuzen. Herriko bertsolari txapelketako lehenengo kanporaketa jokatu zen larunbat gauean Fox tabernan, eta bertan, hilaren 19an Gaztelekun jokatuko den finaleko lehenengo txartela jarri zen jokoan. Hiru talde lehiatu ziren, nor baino nor, eta azkenean, puntuaketa estu batek Murua, Soraluze eta Zalduak osaturiko "Zintzoa, zatarra eta gaiztoa" taldea igaro zen finalera.

Saioa maila onekoa izan zen orokorrean, eta bertso oso onak entzuteko parada izan zuten taberna bete zuten bertsozaleek. Haserako agurrean garbi ikusi zen inor ez zela denbora pasa joan Foxera, eta guztiek argi utzi zuten finalerako sailkatzea zela zuten helburu bakarra. Aurten, antolatzaileek entzuleak ere epaile paperean jarri dituzte, eta hauek ere euren ustez saioko bertsolari gustokoena eta talderik onena nor izan den esateko aukera daukate. Iker Otegi, Juanjo Aranburu eta Joseba Segurolaren "Beteranoak" taldeak eraman zuen entzulegoaren sari sinbolikoa, eta Iker Soraluzek entzueen ustez bertsolari onenarena.

Epaileen erabakiak, berriz, Murua, Soraluze eta Zalduaren taldeari eman zion puntu gehien. Aipagarria da, bereziki, Iker Soraluzek egindako lan ikusgarria. Saioari erritmo ikaragarria eman zion, eta ale gogoangarriak eskaini zituen bertsotarako erraztasun ikusgarria erakutsiz. Bakarkako lanean bota zuen habanera txapelketako bertso onena izateko bidean da.

Soraluze


Murua eta Zalduak ere, lan txukuna burutuzuten taldeari oreka emanez. Beste bi taldeak ere, maila oso onean aritu ziren, eta erantzun harrigarriak eman zizkieten Uxue Fernandezek jarritako gaiei.

Datorren asteburuan, txapelketako beste bi kanporaketak jokatuko dira, eta horietan erabakiko da Gaztelekun kantatuko duten beste bi taldeaknortzuk izango diren.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home

Powered by Blogger